XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arbaztek, udazkenik gabeko hosto-orratz ilunez bi aldetara hornituak, adarburu orekatu batez osatzen dute guztia.

Hagina da zuhaitza.

Hagina harrizko haitzaren gailurrean tinko eta tente.

Hagin-Harri.

...pumtabele..., pumtarma..., pumtatiro..., bigapum.... bigapumtabaga..., bigapumtabiga..., bigapumtahiga...

Izaki multzo bat dago Hagin-Harriren inguruan bildurik.

Eta gau handia da beraientzat Ilazki-beteko gau hau.

Gauerdirako erabakiko da.

Horregatik daude itxaro biziz erdiko haitzean dagoen izaki bereziari so.

Azpialdeko haitzuloaren gaineko irtengune den harri zapalean, hankak gurutzaturik apatx eginda dago.

Bizidun xelebre hauen Aztia dirudi, bai eta beren buruzagia ere, nolabait.

Ludobixin izena du.

Ludobixin tiburua.

Ahoskaturiko zenbaki bakoitzeko, ezkerrean duen zurezko azpiletik ale gorri bat hartu eta eskuinekoan uzten du, ugaritasunaren asperrean zenbatzen duenaren gogaiduraz baina garrantzizko zerbait egiten ari denaren arretaz, utzi ere.

Aurretik, patxada osoz, haitz gailurreko Haginari, zeuzkan fruitu guztiak kendu dizkio adarrak zuhurki arakatuz, bildu gabe batto ere gera ez zedin.

Azpilean banaka banaka ezarri ditu kontu handiz, ondoren zenbaketa hastearren.

Fruitu-aleak, ia hazi guztia biltzen duen estalki gorri mamitsu batez osatuak daude.